Urtebetek eman eta kentzen duena

1-16-28-45

Proiektu bat zerotik hastean dena da ilusioa eta poza, dena intriga eta zirrara. Aurreikuspenak optimistak eta proposamen guztiak ezin borobilagoak. Gure kasuan ere bai. Baina zer demontre, bagenituen horretarako motiboak:“ Gure kabuz ala hil” dokumentalaren grina, Olatukoop sarearen babesa eta Beñat Irasuegiren hitz argigarriak… Nola ez ginen ba ordura arte ezagututako lan eta harreman eredua goitik behera aldatzeko gai izango?

Misioa eta bisioa zehaztea tokatzen zela-eta, hasi ginen esaldi potoloak bata bestearen atzetik papereratzen: “Bizitza erdigunera eraman”, “gure balioak eduki eta lan guztietan islatu”…

Gure buruari ere promesa handiak egin genizkion: “Gure lan-orduen %30 gutxienez guk nahi dugulako egiten ditugun proiektuetara bideratuko dugu” edo “gure behar pertsonalek lehentasun osoa izango dute” gisakoak behin eta berriz errepikatuz.

Hasi ginen halako batean. Gure bulegoa izango zena atondu genuen pixkanaka, Gure Bazka abiatu, eta kontu aspergarriagoak ere bai: kooperatiba martxan jarri, autonomotan alta eman…  Lehenengo enkarguzko lana ere heldu zen, eta ia konturatu gabe pasa ginen nahi baino lan gutxiago izatetik, lanez gainezka egotera. Garai bertsuan hasi ginen Txoministaki forma ematen, eta azkar zapuztu zen gure buruari agindutako hura: gure proiektuek aurrera egingo bazuten, lan-alditik kanpoko orduak eskaini beharko genizkion. Eskerrak lagun talde ederra izan genuen gurekin.

Eguneroko suak itzaltzen aritu gara bolada batez, eta tarteka lehentasun behar ez zuten kontuei eman diegu lehentasuna. Kasu mingarriren batean, gertuko proiektuak ere kaltetuz.  Pilatu dugu dezepzio txiki eta kontraesan mordoxka bat, loa galdu dugu tarteka, eta pasa behar izan dugu bolada bat ustez betiko utzia genuen gurasoen etxean. Noizbait burutik pasa zaigu, ez ote zuen errutinak –bere presazko arazo eta tentsioekin– akabatuko honetara jauzi egitera bultzatu gintuen grina. Perspektibak lausotzera egiten du une batzuetan, eta, tartean behin, galdetu izan diogu geure buruari: “Ari gara, bai, baina ez al gara bihurtu komunikazio zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa bat gehiago?”

Baina izan dira “gora eta biba!” momentuak, eta ez gutxi gainera. Frogatu dugu modu eraginkor bezain atseginean egin daitekeela lan konfidantzan oinarrituta, agindu eta kontrol neurririk gabe. Ordutegi eta egutegi malguekin lan egiteak militantzia, gure harremanak eta interesak mimatzeko aukera eman digu. Sosik emango ez zigutela ongi genekien arren, egin nahi genituen ikus-entzunezko ekoizpenak jarri ditugu martxan. Makina bat proiektu interesgarritan hartu dugu parte. Egin ditugu (bide)lagun berriak, ikasi dugu huntaz eta hartaz, eta pozez mozkortu gara parrandan entzundako “Gora Txoministak” bakoitzarekin. 

Urtebete igarota, ilusioa eta pozari beste izen batzuk ere gehitu zaizkie. Baina aurreikuspen optimistak eta ilusio handiko proposamenek bertan jarraitzen dute. Gure xumetik eragiteko grinak ere bai. Ziurtasun bat daukagu: urte beteren ondoren, gure kontraesanak kontraesan, norabide egokian ari garela. Oraindik asko dugu egiteko.

Honi buruz zerbait esateko, eh?