Txoministak: Euskal Herria salbatzeko prest

Utzi une batez egiten ari zaren hori eta irakurri arretaz. Berri freskoekin gatoz. Web-serie bat egiteko erronka jarria genion aspaldi gure buruari, eta Urkulluren hitzaldi bat interesgarri egiteko moduko lan-taldea konbentzitu dugunez, ausartu gara azkenean. Txoministak du izena eta Euskal Herria definitiboki askatzera doan izen bereko alderdi politikoa izango du protagonista.

Ze nezesidade?

Pentsatuko du baten batek. Tabernazulo, bazkari-buelta, ile-apaindegi eta bizilagun asanblada guztietan aldarrikatu dugu sendotasunez ikus-entzunezko euskal fikzioa urria dela; usaina falta zaiola; ez diola heltzen gaur egungo errealitateari; dena dagoela egiteko…Eta hainbeste belarri berotu ostean, behingoagatik gure alea jartzea erabaki dugu. Ez gaude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz, baina baditugu ideia batzuk eta, ze demontre, ezin ginen saiatu gabe geratu.

Hamalau laguneko kuadrila izerdi patsetan

Horri guztiari forma emateko, hamalau laguneko kuadrila ari gara asteburuak Txoministaken zerbitzura jartzen. Aktore nagusien laukotea Naroa Mikelarena, Jon Ander Alonso, Edurne Azkarate eta Eñaut Gantxegik osatzen dute. Gidoiez, atrezzoaz, kamerez, muntaiaz, soinuaz, produkzioaz, ogitartekoez, zuzendaritzaz eta bururatzen zaigun beste guztiaz aldiz, ondoko hauek arduratzen gara: Eneritz Arzallus, Peru Isasi, Beñat Iturriotz, Ane Lusarreta, Mikel Fernandez, Mikel Roman, Laida Zabala, Unai Gaztelumendi, Kepa Matxain eta Lander Arretxea.

Ezin dugu, oraingoz, askoz gehiago kontatu. Edo bai: lehenengo kapituluak grabatu berri ditugula, eta ongi bidean, maiatzetik aurrera, astero astero izango dela Txoministak zuen pantaila gustukoenetan. Laster emango dizuegu lata gehiago. Lehenengo lagin modura, honatx lehenengo grabazio asteburuko irudi batzuk:

Informazio gehiagorako: info@hirudamatxo.eus

Honi buruz zerbait esateko, eh?