Lekore aldizkariaren 0. alea dela-eta, hiru erreakzio

(Estreinatu behar genuen nolabait Hiru Damatxoon  gorabeheren berri emango duen blog moduko hau, eta zer hoberik gure lehen lana izan denari tartea egitea baino. Itu bandaren Lekore literatur aldizkariaren diseinuaren ardura hartu dugu gure gain, eta 0. alea jada eskuragarri dago. Ezin izan diogu eutsi tentazioari: lehen argitalpen horretan egin duten “Durangoko azokaren 50. urteurrenean, hiru erreakzio” ariketa plagiatu dugu).

Ja, ja, ju, ju, ikusitzak ikusitzak, ez al duk estanpa zoragarria, lau gaxteño literatur aldizkari bat saltzen azoka kanpoaldean, ze alegrantzi, ze zoramen, malkoa aterako zaidak, txo. Masailean atximur egiteko gogoa pizten zidatek, baina atximur txiki leun bat, “ze xalau” bati lagundu ohi dion horietakoa. Ja, ja, ju, ju, ezin zioat barreari eutsi, aizak, ikusitzak, oraintxe saldu ditek ale bat, eta begira ze irribarre, ze pox, gero laranja zukua erosiko ditek denentzat eta eskutik helduta etxeratuko dituk afaltzeko ordurako, eta gurasoek galdetuko zietek, “zer moduz, kuttun, zer moduz Durangon?”, eta, erantzungo zietek, “ezin hobeto, primeran, 28 ale saldu ditugu, 28!, ez al da zoragarria?”, eta gurasoek, “Zein ongi! Bihar gehiago baietz!”, eta holaxe, biharamunean berriz elkartuko dituk toki berean, eta poemak errezitatuko zizkiotek elkarri, eta zorteko sentituko dituk, mundua oker egonagatik beren mundu txikia perfektua delako, aixxx, ze maitagarriak por dios. Gabon kantak kantatu ostean limosnaren zain dauden umetxoak ematen ditek, begirada bare horrekin, hain baketsu eta xalo. Hau duk panorama, larrusia. Soldadu bidaliko nizkikek koittaduok.

Miel Erretxin

 

Bai bueno, badakizu, gaztaroko sukar literarioa eta kontu horiek. Guk ere egin genituen antzeko saiakerak. Badakizu, Susako poeten hitzez betetako esaldiak idatzi… Konpai, xerka, mukuru, estolda, gudu-zelai, eta horrelakoak. Proiektuak ez zuen aurrera egin, baina ez pentsa gaitasun faltagatik zenik, keba. Jende on askoa bildu ginen, Urruzunotarrak eta hori. Orain Berrian dabilen beste horrek, adibidez, kriston etorkizuna zuen. Baina azkenean, badakizu, dena ez da literatura izango, ez? Izan genuen tentazioa eh, jarri hor, Azoka kanpoan, eta badakizu, pixka bat salatu Durangoko Azokarena eta hori guztia. Baina azkenean, onak bai baina apalak ere baginen, eta erabaki genuen literaturaren mundu egozentriko hori ez zela gurea. Eta Lekore hori, ba bai, ondo, zortea izan dezatela ez? Baina gurea, hori bai izango zela ona. Izena ere bagenuen. Pena pixka bat ematen dit orain, pentsatzen jarrita. Batez ere, Bartzelonara ikastera joan zen horrengatik. Nola zuen izena? Poema bat dedikatu nion, pentsa. Ea topatzen dugun Usopopen.

Izaro Apalategi

 

Ba bastante txukun gelditu zaik, ezta? Diseinu aparta duk, Pop Pilulaken traza zeukak baina badakik, originaltasuna ez duk existitzen y tal, hori zantzu ona duk. Eta gainontzean, erraztasun guztiak ditik, orriak aise erauzten dituk, poema bat komunera eraman nahi baduk, maiteari oparitu nahi badiok… Dena bentaja. Hiru Damatxoren logoa, igual, txikitxoa, etzaik iruditzen? Holako lan puska eginda, pixka bat handitzea ere zilegi zuan, motel, edo azalera eramatea, bestela. Gainera, hain denbora gutxian, erdi presaka. Zer uste ditek gazte hauek. Baina, enfin, zorionak, benetan, ederra gelditu zaik. Testuak ere, ojokuidau, ez dituk makalak. Edituriala irakurri eta horrelako zirrara bat piztu zaidak… Edo agian Durangoko ajea izango duk, auskalo. Baina bueno, ederki egin diagu Lekorekoen bizkarrera garaiz igotzen, hauek urrunera ziaztik. Eta gainera, kontrakoa mila aldiz esanda ere, Josu Landak uste dik bertan idazten dugula. Hori duk hori ezer egin gabe dominak irabaztea. Ederra gola sartu duguna.

Hiru Damatxoren bulegoan entzuna

Honi buruz zerbait esateko, eh?