David Fernandez: “Eguneroko bizitza da kapitalismoa auzitan jartzeko espazio aske bakarra”

“Hamar minutu, gehiago ez”. Hala pasa ziguten abisua, Cat Boyd elkarrizketatzen ari ginela, David Fernandezek ere tarte labur bat hartuko zuela gure galderei erantzuteko. Urriaren 24a, Alternatiben Herria Bilbon, eta presaka denak: antolatzaileak, Cat Boyd, David Fernandez, Cafe Bar Bilbaokoak eta gu. Mikrofonoa ongi ipini gabe egin genion elkarrizketa. Huraxe izan zen argitaratu gabeko Gure Bazka bakarra. Berandu bada ere, hemen doaz, idatzian, egin genizkion hiru galderak, zorrak kitatzeko-edo.

Ezkerreko mugimenduak aldi berri batean sartu direla entzuten da maiz. Egokitze fase horretan, gauza asko birpentsatu behar dira: besteak beste, formak, komunikazio moduak, lengoaia… Zuek nola bizi izan duzue hori?

Onartu behar dugu ze garaietan bizi garen: ezkerrak porrot egin zuen, krisi luze eta sakon batean sartuta egon da, eta berregituratze fasean dago orain. Ez zait iruditzen gauza berri asko egin behar direnik. Betikoa egin behar da: autoantolatu, kontzientzia sortu, eta artikulazio espazioak ireki. Estatuen eta merkatuen burujabetzak ez dauka zerikusirik herrien eta jendearen askatasunarekin. Guk alternatibak eraiki nahi ditugu, gure auzo, herri eta hirietan eguneroko bizitzarako espazio askeak sortu. Toki horietako kodeak bizi dugun garaira egokitzen dira, noski. CUPen hitz egiten dugu kapitalismoaz, antikapitalismoaz eta post-kapitalismoaz, saiatzen gara herri eta klase kontzientzia global bat sortzen, baina modu berriekin. Modu berri horiek ez ditugu hutsetik asmatu, ordea: hor dago kooperatibismotik edaten duen tradizio libertario bat, bere baitan dituena autogestiorako moduak, eta asanbleak. Alegia, jendea da protagonista. Haiek dira oraindik artikulatzeko dagoen aldaketa politikorako motorra.

“Medio handien esku jartzea burua nork moztuko dizun iragartzea da. Altxatzen laguntzen dizun berberak botako zaitu lurrera. Horregatik da garrantzitsua bestelako komunikazio ereduak eraikitzea.”

Asko hitz egiten dugu komunikazioaz, baina komunikazioa, bere horretan, gauza huts bat da. Hemendik askotan begiratzen diogu CUPekoen aspektu komunikatiboari, baina agian gehiago begiratu behar genioke komunikazioaren atzean dagoenari…

Komunikazioa ezin da mitifikatu. Esan nahi dut, komunikazioaren espazioa oinarrizkoa da inguru sozial eta urbanoan, baina CUPen komunikazio ekintza onena eguneroko bizitzako ekintzak dira. Hori da inork gezurtatu ezin diguna. Egia da, kodeei dagokienez, esaten duzuna bezain garrantzitsua dela nola esaten duzun. Errespetutik esan behar dira gauzak, umiltasun puntu batetik, mezua elkarbanatzeko jarrerarekin. Ez gatoz inor adoktrinatzera. Gogoetak elkarbanatu nahi ditugu: ze gizarte eredu daukagun, ze bidegabea eta absurdoa den bizi garen mundua –nahiz eta telebistak egunero sinetsarazi nahi digun dagoen mundurik onenean bizi garela–. Gizarte digitalean ameskeriara jotzen dugu sarri: ematen du Twitterren kontzientzia kritiko handia dagoela, baina hori gero egunerokoan materializatu behar da. Gizarte harreman komunitarioa berreskuratu nahi dugu, kidetasunean oinarritutako marko justu eta aske bat. CUPek ez du medio publikoetan sinesten –kontrol politiko ageriko baten menpe daudelako–, eta ezta medio pribatu handietan ere –beren nagusien jabetzakoak direlako–. Hori da gure bereizgarrietako bat: plasma handietan agertu gabe egin dugula aurrera, txingurri lanarekin. Ez gara haien menpeko. Beste indar politiko batzuk, bai. Medio handien esku jartzea burua nork moztuko dizun iragartzea da. Altxatzen laguntzen dizun berberak botako zaitu lurrera. Horregatik da garrantzitsua bestelako komunikazio ereduak eraikitzea. Katalunian baditugu gizarte hedabide komunitarioak, ez daudenak ez estatuaren ez merkatuaren menpe. Gizarteak berak sortzen dituenak, ahotsik gabekoei ahotsa emateko.

Orain arte alternatibez hitz egitean makrotik aritu ohi ginen gehiago, eta egun beste aldea, mikroa, azpimarratzen da gehiago. Nola azalduko zenuke txikitik egin daitekeen lan hori, auzotik, alternatiba eraikitzeko?

Kapitalismoa auzitan jartzeko espazio aske bakarra eguneroko bizitza da. Hor jokatzen da partidua, edo sistema erreproduzitzen duzu edo aldatzen duzu. Beti berdin azaldu ohi dut: nire etxean ez dago ez La Caixa eta ez Santander, finantza etikoen kooperatibak baizik. Nire etxean ez dago ez Iberdrola ez Endesa, Som Energia kooperatiba baizik. Nire etxean ez dago ez Orange ez Telefonica, Eticom kooperatiba baizik. Nire etxean ez da sartzen ez La Razón eta ez El Mundo, El Diagonal edota La Directa bezalako medioak baizik. Nire etxean ez da sartzen ez Mercadona ez bestelako elikagai banatzaile handirik, auzo kooperatiba txikiak baizik. Gu ez gara joaten kontsumo kulturako katedral handietara. Gure autogestionatuen sare bat daukagu, eta horietan kultura ondare ezinbestekoa izateaz gain, sarbide askea bermatuta dago. Alternatiben espazio horretan alda daiteke benetan mundua. Orainean bakarrik borroka daiteke etorkizuna.

david

Gainontzeko GureBazka-k hemen.

Honi buruz zerbait esateko, eh?